XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Abenduko edizioekin konparatuta Jende gutxi Durangoko azokan

Euskara hutsezko liburu eta diskoen azoka itxi berria da Durangon.

Nobedadea izan arren, nobedadeak ere plazaratu arren, oihartzun eskasa sortu du.

Iragan igandean itxi zen Durangoko Azokaren euskarazko edizioa.

Lehen edizioa hain zuzen ere.

Bertatik bueltaska bat eman zuen edonor ohartuko zen maiatzeko edizio honek ez zuela kolorerik ere abenduko edizioarekin.

Jendearen presentziaren aldetik bederen.

Erakustazokan, abenduan ez bezala stand guztiak kabitzen ziren, eta diskoetxeek ez zuten eleiz atarira joan beharrik izan abenduko azken edizioan bezala.

Stand guziak beterik agertzen baziren ere denentzat egon zen tokia azoka barruan.

Jende gutxi

Aipagarriena, aipa daitezkeen eginkizunetaz aparte, jende falta izan zen.

Une askotan jende gehiago ikusten zen puesto barruan kanpoan baino.

Eta aldi berean, Urkiolan, AEKanpada zela eta milaka lagun egon ziren egun horietan Durango ondoan.

Gazte jendea gehienbat.

Gure lagun batek esan zuen bezala hemen ez dute bista eduki antolatzaileek.

Nahikoa zuten pare bat autobus jartzea Urkiolan dagoen jendea azoka bisitatzera etortzeko.

Ez zen horrelakorik izan ordea, nahiz eta tartean tartean AEKanpista horietako batzuk han agertu gau-pasa egin ondoren, edo besterik gabe azokari begiradatxo bat emateko asmotan.

Zergatik ez zuen jendeak erantzun? Erantzun ezberdin ugari jaso ahal izan genuen.

Editore bat nahiko haserre zegoen, gauzak ezin dira horrela antolatu.

Propaganda gutxi egin da, gaizki... Komunikabideek ez dute erantzun abenduan bezala.

Horrek esan nahi du antolatzaileak ez direla arduratu abenduan bezala.

Guk behintzat dirua galduko dugu egun hauetan Durangon egoteagatik.

Standa ordaindu, bidaiak, bazkariak... ez dugu hori ordaintzeko lain libururik saldu.

Beste bat berriz jende gutxi zergatik zegoen azaltzen ahalegindu zen.

Justifikatzen nolabait esateko.

Aurrenengo aldia da eta ezin daiteke espero jendeak aurrenengoan ondo erantzutea.

Abendukoak ohitura sortua du.

Urtean zehar euskal kulturarekin daukan beste zita bat da jendearentzat.

Udaberriko hau berriz berria da eta ibiltzen hasteko dago oraindik.

Egia esan.

Lau egunetako azoka izatea, tartean zegoen zubia aprobetxatuz, udaberria izatea, berria izatea... modu batera ala bestera interpretatzen zuten editore ezberdinek beren interesen arauera.

Nor joango da udaberriko zubi batetan liburuak ikustera? zioen batek.

Besteak berriz: Zubia izan da eta horrek ere izango zuen eraginik bestetan bezainbat jenderik ez etortzeko.

Hala ere nik espero baino jende gehiago egon da.

Pentsa ezazu eguraldia erdi-ipurdikoa atera beharrean ona suertatzen bada....

Nobedade ugari, aurkezpen tristeak

Nobedadeak, azokara aurkeztutako liburu berriak ugari izan ziren.

Ez gara hasiko hemen horiek aipatzen, sobera aipatuak izan bait dira egunotan prentsan.

Baina esan dezagun, euskarazko produzioari dagokionez, bai diskoak, bai liburuak frango izan zirela Durangora aurkeztutakoak.

Nobedade frango eta atsegin zenbait kasutan.

Gauza bat azpimarratu nahi genuke halaz eta guztiz ere, erakustazoka atzeko aretoan egindako aurkezpenak, liburu berrien aurkezpenak, arras tristeak izan ziren.

Horietarako ere ez zen jenderik apenas.

Entzulegorik gabeko aurkezpenak izan ziren gehien batean.

Ebakerari buruzko topaketetara, agertu zen jendea.

Gauza ezaguna da linguistika arloak inkondizional asko izateaz gain inkondizional berri asko ere egiten dituela.

Bertsolariek eta hizlariek ere bildu zuten jende apur bat, baina orohar nahiko triste zegoen azokaldeko giroa.

Testu liburuen interesean

Arestian aipatu bezala ikusi baldin bagenuen Durangoko azoka, eta ez dugu uste guk bakarrik ikusi genuenik horrela, bilatu beharko litzateke zein izan den bere alde ona edo interesgarria.

Eta udaberriko azokaren euskal edizio honek interesik izan baldin badu testu liburuen aurkezpenerako izan da.

Areago, froga moduko bat egin nahi izan da, minimoak betez gero, aurrerantzean udaberrian ere funtzionatzeko eta testu liburuak udaberriko azoka horren inguruan aurkezteko.

Elkar argitaletxeko Jose Mari Sors-ek esan bezala Guztiz fetxa egokiak dira datorren urteari begira prestatu diren testuliburuak ezagutzera emateko eta baldin azoka honek indarra hartzen badu, argitaletxeok gisako liburuak egun hauetarako bukaturik edukitzen saiatuko gara.

Baten bat baino gehiago hasiko da orain eztabaidan, ea zer den egokiago, euskarazko produzio gehiena urtean behin argitaratzea, abenduko azokan, edota denboran deszentralizatzea nahiz eta udaberriko azoka testuliburuen arauera antolatua izan.

Neguko edizioaren inguruan eztabaidatuko dugu berriz!.

Peru UNZUETA.